Berdintasuna eta Eraldaketa
Berdintasuna eta Eraldaketa
Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako II. Plana martxan!
ARTEZen, barne araudian jasota dugu Berdintasun balioa, eta konpromiso irmoa dugu pertsonen kudeaketa berritzaileekin eta kontziliazioarekin. 2015etik modu aktiboan aritu gara emakume eta gizonen berdintasun-proiektua lantzen; hala, langileen parte-hartzean oinarrituta, MURGIBE aholkularitzaren laguntzaz, II. Berdintasun Plana diseinatu dugu.
4 esparru lantzen ari gara. Batetik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunezko kultura eta parekidetasunarekiko konpromisoa indartzen dihardugu. Bestetik, pertsonen kudeaketa-prozesuetan genero-ikuspegia kontuan hartzen jarraitzen dugu; hau da, hautaketa-prozesuetan, sustapenean, prestakuntzan, laneko osasunean, laneko arriskuen prebentzioan eta abarretan berdintasunez jarduteko irizpideak ezarrita ditugu, baita lana eta familia uztartzeari dagokionez ere.
Zerbitzuetan ere Berdintasuna txertatzen dugu; Artezen zerbitzu-lagin batean genero-ikuspegia zer mailatan txertatzen den ebaluatzen dugu urte bukaeran, ondoren proposamenak jaso eta hurrengo kudeaketa planean txertatzeko.
Protokolo espezifikoa onartua dugu erakundearen barruan gertatutako sexu-jazarpenei eta sexuan oinarritutako jazarpenei aurre egiteko eta aurre hartzeko.
Azkenik, komunikazio berdinkidea ere lantzen dugu. Zentzu horretan, estilo-protokolo edo gida sortu dugu hizkuntza eta irudi parekideen erabileran hobetzen jarraitzeko.
Gure helburuak lortzeko bidean, Berdintasun Taldea dugu Artez-en, sinetsita baikaude BERDINTASUNA EGIN egin behar dugula, denon artean. Helmuga zein den argi dugunez, Eusko Jaurlaritza – EMAKUNDEren “Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde Kolaboratzaile” ere bagara, gure erantzukizuna eta konpromisoa jendartean ikustarazte aldera.
Gure bilakaera
ARTEZ Euskara Zerbitzua 1990ean eratu zen, hizkuntza aholkularitzaren eta normalizazio planen lehen urratsekin batera. Aintzindariak izan ginen Bizkaian arlo sozioekonomikoa euskalduntzen. Gure lehen esperientziak: Arlan eta BBK.
Berehala hasi ginen Itzulpengintza zerbitzuarekin eta euskal papergintza ere garatu genuen hainbat urtetan zehar.
Gure ibilbidearen mugarri garrantzitsuenetako bat 1998an kooperatiba bihurtzea izan zen. Aldaketa hoberako izan zen eta etorkizuneko kudeaketa moldearen lehen oinarriak ezarri zituen. Hazi egin ginen.
Azken urteotan metodologia berriak ezarri ditugu gure egunerokotasunean, pertsonen eta proiektuen kudeaketan berrikuntzaren apustu argia eginez.
Egindako ibilbideak lehen mailako enpresa eta erakundeekin lan egitera eraman gaituzte; esaterako, finantza zerbitzu munduan, industrian, merkataritzan, hirugarren sektorean eta administrazio publikoan.
Sare eta harreman sendoak ere egin ditugu bidean, elkarlanean jorratutako hainbat proiektutan hartzen dugu parte.
Ereagin
2008an hasitako pertsonengan oinarritutako eraldaketa-proiektua erabakigarria izan da Artezentzat. Ereagin deitu genion proiektuari: erein, eragin eta egitearen batura delako. Hiru aditzen lotura, garena islatzeko; lanaren eta bizitzaren aurrean gure nortasuna eta izaera definitzeko balio duten hiru jarrera.
Antolaketa, harremantzeko eta lan egiteko molde berria, konfiantza, autonomia, erantzukizuna eta lidergo partekatuari esker, pertsonon potentziala garatu dugu eta erronka berriei ilusioz ekiten dien ekipoa gara.
Enpresa osasuntsuen ezaugarriak betetzen ditugu.