Hizkuntzak komunikatzeko, errealitatea interpretatzeko eta ideiak sortzeko balio digu. Baina, horrez gain, komunitate edo talde baten nortasun eta kulturarekin lotu dezakegu. Hainbat elementuk eragiten dute hizkuntza bati ematen diogun garrantzian eta haren aurrean izaten dugun jarreran.
Gure lurraldean bi hizkuntza ofizial ditugu, euskara eta gaztelania, baina ez daude biak egoera berean. Gaztelania da nagusi, eta euskararen erabilera mugatuagoa da. Ondorioz, euskara biziberritze-prozesuan dago, eta egoera horretan dagozkion estatusa eta babesa emateko funtsezkoak dira:
- Instituzio eta administrazioek politikak aplikatzea eta testuinguru legala bermatzea
- Hiztunon kontzientziazioa eta erabilera areagotzea
Euskararen erabilera normalizatua izan dadin, esparru informalek berebiziko garrantzia dute, batez ere, haur eta gazteei zuzendutako aisialdiko espazioetan. Atal honetan, kirolak euskararen presentzia eta erabilera bermatzeko dituen aukera batzuk aztertuko ditugu, kasu honetan, lehiaketetan eta epaileen figuran zentratuta.