Eragile ezberdinen partaidetza eta inplikazioa ezinbestekoa da kirolean euskararen erabilera sustatzeko. Kirolariek, teknikari eta entrenatzaileek, zuzendaritzako kideek zein epaileek funtsezko rola jokatzen dute, baita kirolarien familiak, lagunek eta lehiaketetara hurbiltzen diren zaleek ere. Azken finean, guztioi dagokigu euskararen presentzia zaintzea joko-zelaian zein bestelako kanpo eremuetako komunikazioetan.
Komeni da kontuan izatea kirol-elkarte zein -klubek proiektatzen duten irudian eta publikoari bideratuta gauzatzen dituzten ekintzetan egiten duten hizkuntza-hautua, modu kontzientean eragiteko. Horregatik, ikusleak eta jarraitzaileak dauden eremuetan modu proaktiboan jokatzea da gakoa, euskararekiko konpromisoa erakutsi eta normaltasunez sustatzeko. Gure kirolariak ikustera eta animatzera datozen pertsonen aurrean eredugarritasunez jokatzen badugu, haiek ere euskara erabiltzea erraztu dezakegu.
Pilula honetan, jarraitzaileek, familiek zein lagunek kirol-jardueraren momentu zehatzetan euskara sustatzeko erabil ditzaketen gako batzuk aurkituko dituzu.